XVII. mendean, artea ideiaren ezagupentzat hartzen duen ikuspegia nagusitu zen, Baltasar Garcianek bere lanetan azaldu zuena. Tesauroren
ikuspegia, metafora oro irudia dela eta, alderantziz, irudia metafora
dela esaten zuena ere aintzat hartu zen. Bi teoria horiek eta urte
batzuk lehenago Peregrinik
emandako teoriek bazuten zerikusirik, artea ez baitzuten hartzen
errealitatearen imitaziotzat, errealitate berritzat baizik. Horixe izan
zen literatura eta pintura barrokoaren oinarria.
Klasizismoan ere teoria platonikoaren alderdi hori agertu zen. Bi
mugimendu horiek izan ziren arte-gertakarien gertaleku XVIII. mendearen
erdialdera arte.
XVIII. mendea kulturaren sistematizatze handien garaia izan zen; Dideroten eta D'Alemberten Encyclopedie
dago haien artean. Lan eskerga horren lehenengo argitalpenean, gizakiak
bere beharrak asebetetzeko, atseginerako, erosotasunerako, etab. egiten
duen ekoizpen-jarduera gisa definitu zuten artea. Definizio horretaz
gainera, Marmontelek emandako arte liberalen eta arte ederren
(elokuentzia, poesia, musika, pintura, eskultura, arkitektura, eta
grabatua, marrazkia den aldetik) bereizketa agertu zen. Bigarren
argitalpenean, arte ederrak arte mekanikoak asmaturiko objektuak
edertzearen arte gisa, erabilgarri dena edertzearen arte gisa, definitu
ziren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario