XIX. mendearen
hasieran ezagutza-jarduera moduan ikusi zuten artea erromantizismoaren
jarraitzaileek, ezagupenerako bide gisa eta ez ekoizpen soilerako
jarduera gisa. Artea ezagupenaren jarduera gorena da, eta hedaduraz,
magia. Artea magia gisa, hori da Novalisek
aldarrikatu zuena. Schellingek, bere aldetik, filosofiaren goi-mailako
organotzat eman zuen artea, nahiz eta, gero, artea eta filosofia
parekatu zituen. Parekotasun hori, Hegelek baztertu eta filosofia baino beherago eraman zuen. Rimbaudek eta Frantziako sinbolismoaren
beste hainbat olerkarik magia gisa ikusi zuten artea, arrazoiaren mende
ez zegoen eta alde horretatik jarduera askatzailea zen zerbait bezala.
Mende hartan bertan, naturalistena izan zen artea ezagupen gisa
aldarrikatu zuen mugimendua.
Bigarren erdialdean, artea edertasunaren
sortzaile eta edertasunerako hezitzaile gisa aldarrikatu zuen
Ingalaterrako estetizismoak, gizakiaren teknologiarekiko
mendekotasunaren eta ekonomia liberalaren askabide gisa. Ingalaterran
sortua, hedatu egin zen ikuspegi hori, eta hainbat artista izan zituen
jarraitzaile, batzuk pedagogiaren aldetik, politikaren bidetik besteak
etab. abiatu zirelarik horren barruan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario