Mostrando entradas con la etiqueta gizakiak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta gizakiak. Mostrar todas las entradas

martes, 15 de diciembre de 2015

XIX. mendea.

XIX. mendearen hasieran ezagutza-jarduera moduan ikusi zuten artea erromantizismoaren jarraitzaileek, ezagupenerako bide gisa eta ez ekoizpen soilerako jarduera gisa. Artea ezagupenaren jarduera gorena da, eta hedaduraz, magia. Artea magia gisa, hori da Novalisek aldarrikatu zuena. Schellingek, bere aldetik, filosofiaren goi-mailako organotzat eman zuen artea, nahiz eta, gero, artea eta filosofia parekatu zituen. Parekotasun hori, Hegelek baztertu eta filosofia baino beherago eraman zuen. Rimbaudek eta Frantziako sinbolismoaren beste hainbat olerkarik magia gisa ikusi zuten artea, arrazoiaren mende ez zegoen eta alde horretatik jarduera askatzailea zen zerbait bezala. Mende hartan bertan, naturalistena izan zen artea ezagupen gisa aldarrikatu zuen mugimendua.
 
Bigarren erdialdean, artea edertasunaren sortzaile eta edertasunerako hezitzaile gisa aldarrikatu zuen Ingalaterrako estetizismoak, gizakiaren teknologiarekiko mendekotasunaren eta ekonomia liberalaren askabide gisa. Ingalaterran sortua, hedatu egin zen ikuspegi hori, eta hainbat artista izan zituen jarraitzaile, batzuk pedagogiaren aldetik, politikaren bidetik besteak etab. abiatu zirelarik horren barruan.

martes, 24 de noviembre de 2015

XVII eta XVIII. mendeak

XVII. mendean, artea ideiaren ezagupentzat hartzen duen ikuspegia nagusitu zen, Baltasar Garcianek bere lanetan azaldu zuena. Tesauroren ikuspegia, metafora oro irudia dela eta, alderantziz, irudia metafora dela esaten zuena ere aintzat hartu zen. Bi teoria horiek eta urte batzuk lehenago Peregrinik emandako teoriek bazuten zerikusirik, artea ez baitzuten hartzen errealitatearen imitaziotzat, errealitate berritzat baizik. Horixe izan zen literatura eta pintura barrokoaren oinarria.

Klasizismoan ere teoria platonikoaren alderdi hori agertu zen. Bi mugimendu horiek izan ziren arte-gertakarien gertaleku XVIII. mendearen erdialdera arte.

 XVIII. mendea kulturaren sistematizatze handien garaia izan zen; Dideroten eta D'Alemberten Encyclopedie dago haien artean. Lan eskerga horren lehenengo argitalpenean, gizakiak bere beharrak asebetetzeko, atseginerako, erosotasunerako, etab. egiten duen ekoizpen-jarduera gisa definitu zuten artea. Definizio horretaz gainera, Marmontelek emandako arte liberalen eta arte ederren (elokuentzia, poesia, musika, pintura, eskultura, arkitektura, eta grabatua, marrazkia den aldetik) bereizketa agertu zen. Bigarren argitalpenean, arte ederrak arte mekanikoak asmaturiko objektuak edertzearen arte gisa, erabilgarri dena edertzearen arte gisa, definitu ziren.