Mostrando entradas con la etiqueta kultura. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta kultura. Mostrar todas las entradas

viernes, 18 de diciembre de 2015

XX.mendea.

XX. mendearen lehen aldian, artea ezagupenerako bidetzat hartu baina ez zuten ezagupen logikoarekin eta intelektualarekin konparatu, aparteko zerbait bezala ulertu zen. Teoria horrek Bergsonen filosofia du oinarri, eta eragin handia izan zuen XX. mendearen lehen erdialdean Frantzian izandako arte- eta literatura-mugimenduan. Bigarren Mundu Gerra inguruan, Freud eta Jungen inkontzienteari buruzko teoria psikologikoak landu ziren artearen teoriari buruzko eztabaidetan. Aurretik, ordea, ezagupenerako bidea aldarrikatzen zuen mugimenduak soziologiaren ildora hedatu ziren, marxismoaren ikuspegitik errealitate soziala ezagutzeko bide gisaikusten zelarik artea. Bertolt Brechtentzat, gizartea aldatzeko ekintzen hastapena zen artea. Adornok ere soziologiaren inguruko teoria aldarrikatu zuen. Adornoren teoria izan da azken hogei urteotan Europako kulturan nagusitu direnen arteko bat eta Sartre izan du jarraitzale sutsuenetakoa. Bi Mundu Gerren artean, bestalde, arteen sailkapena eman zuen Alain filosofoak: arts de sociéte batetik (dantza, zeremoniakoa, jaiak, musika, poesia eta elokuentzia), eta arts solitaires (marrazkigintza, eskultura, buztingintza, zurgintza, eta arkitektura pribatua), arkitektura publikoa bi atal horien arteko zerbait delarik eta prosa eta liburugintzaren arte grafikoa bigarren multzoan dagoelarik.


 
 (Theodor Adorno, eskuinean)

Horretaz gainera, beste sailkapen batzuk ere egin zituen Alainek, arte estatikoen eta higiduraren arteena esaterako. John Deweyk-entzat, aurrekoentzat ez bezala, artea egiteko era bat da, egiteko jarduera eta objektua hartzen dituena eta artelana gauzatzen gizakia laguntzaile duena moduan definitu zuen, ez egite bat bezala. Duela urte gutxi arteen aniztasuna funtzio anitzen sinbolizatzaile gisa azaltzen duen teoria eman zuen Langerrek. Teoria horrek ez du onartzen arteak ezagutzajarduerarekin zerikusirik ez duenik, eta haren garrantzi kulturala ezezten du. Positibismo logikoak eta estrukturalismoak, semiologiak, eta abarrek, artea zeinu-sistema moduan ikusten duten teoriek, garrantzi handia hartu dute azken urteotan. Dena dela, artearen teorian dihardutenen lanik garrantzitsuenetakoa artearen funtzio eta norabideari buruzko gogoeta egitea da, teknika hain aurreratua izanik, gizakia antzina bere askapenerako bide uste zuen teknikaren mende geratzearen arriskua gainean baita.

martes, 24 de noviembre de 2015

XVII eta XVIII. mendeak

XVII. mendean, artea ideiaren ezagupentzat hartzen duen ikuspegia nagusitu zen, Baltasar Garcianek bere lanetan azaldu zuena. Tesauroren ikuspegia, metafora oro irudia dela eta, alderantziz, irudia metafora dela esaten zuena ere aintzat hartu zen. Bi teoria horiek eta urte batzuk lehenago Peregrinik emandako teoriek bazuten zerikusirik, artea ez baitzuten hartzen errealitatearen imitaziotzat, errealitate berritzat baizik. Horixe izan zen literatura eta pintura barrokoaren oinarria.

Klasizismoan ere teoria platonikoaren alderdi hori agertu zen. Bi mugimendu horiek izan ziren arte-gertakarien gertaleku XVIII. mendearen erdialdera arte.

 XVIII. mendea kulturaren sistematizatze handien garaia izan zen; Dideroten eta D'Alemberten Encyclopedie dago haien artean. Lan eskerga horren lehenengo argitalpenean, gizakiak bere beharrak asebetetzeko, atseginerako, erosotasunerako, etab. egiten duen ekoizpen-jarduera gisa definitu zuten artea. Definizio horretaz gainera, Marmontelek emandako arte liberalen eta arte ederren (elokuentzia, poesia, musika, pintura, eskultura, arkitektura, eta grabatua, marrazkia den aldetik) bereizketa agertu zen. Bigarren argitalpenean, arte ederrak arte mekanikoak asmaturiko objektuak edertzearen arte gisa, erabilgarri dena edertzearen arte gisa, definitu ziren.