Mostrando entradas con la etiqueta ikuspegia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ikuspegia. Mostrar todas las entradas

martes, 24 de noviembre de 2015

XVII eta XVIII. mendeak

XVII. mendean, artea ideiaren ezagupentzat hartzen duen ikuspegia nagusitu zen, Baltasar Garcianek bere lanetan azaldu zuena. Tesauroren ikuspegia, metafora oro irudia dela eta, alderantziz, irudia metafora dela esaten zuena ere aintzat hartu zen. Bi teoria horiek eta urte batzuk lehenago Peregrinik emandako teoriek bazuten zerikusirik, artea ez baitzuten hartzen errealitatearen imitaziotzat, errealitate berritzat baizik. Horixe izan zen literatura eta pintura barrokoaren oinarria.

Klasizismoan ere teoria platonikoaren alderdi hori agertu zen. Bi mugimendu horiek izan ziren arte-gertakarien gertaleku XVIII. mendearen erdialdera arte.

 XVIII. mendea kulturaren sistematizatze handien garaia izan zen; Dideroten eta D'Alemberten Encyclopedie dago haien artean. Lan eskerga horren lehenengo argitalpenean, gizakiak bere beharrak asebetetzeko, atseginerako, erosotasunerako, etab. egiten duen ekoizpen-jarduera gisa definitu zuten artea. Definizio horretaz gainera, Marmontelek emandako arte liberalen eta arte ederren (elokuentzia, poesia, musika, pintura, eskultura, arkitektura, eta grabatua, marrazkia den aldetik) bereizketa agertu zen. Bigarren argitalpenean, arte ederrak arte mekanikoak asmaturiko objektuak edertzearen arte gisa, erabilgarri dena edertzearen arte gisa, definitu ziren.

martes, 17 de noviembre de 2015

Berpizkundea.

Antzeko ikuspegia nagusitu zen Errenazimentuan ere. Garai hartako artea bi euskarritan bermatu zen: platoniko-intelektualistan batetik, eta aristoteliko-sentsualistan bestetik. Lehenengoaren arabera, artelanaren esanahia artelanak berak sinbolikoki adierazten duena da, eta bestearen arabera, aldiz, errealitatea esperientziaren bidez ezagutzen du artelanak, errealitatearen imitazioa baita. Azken teoria hori Paduako pinturan islatu zen bereziki, eta Platonena Florentziako pinturan.



Cinquecentoan, Leonardo da Vinci izan zen artea munduaren imitazioz eta behaketaz lortzen den ezagutzarako bide moduan ulertzen duen teoriaren ordezkari nagusia. Teoria hori indarrez agertzeaz gainera, eztabaida handiak izan ziren arteen loturari buruzkoak, arteen sailkapenari buruzkoak, artearen teoriari buruzkoak, etab. Kontuan hartu ziren Aristotelesen teoria, eta bereziki Platonen araberako ideiaren imitazioaren teoria.