Kristo aurreko garaietan, eta Itun Zaharrari jarraituz, ez zen arteaz azalpen teorikorik eman, baina greziarren garaian esan daiteke eman zela artearen lehenengo teoria. Hesiodoren teorian, musek
dakarten egia inspiratzailea aipatzen da; poesia, dantza eta musika,
beraz, egiaren eta pozaren iturri lirateke, gaitzak ahaztu eta grinak
aldentzeko bidea. Iliadaren hemezortzigarren liburuko (K.a. IX. mende inguruan) Akilesen ezkutuaren deskribapenean azaltzen da arte plastikoen lehen teoriatzat
har daitekeena; metamorfosia eta mimesia aipatzen ziren hartan, eta
haiek izan ziren ondorengo mendeetan ere Greziako artistek kontuan
hartutako oinarriak. Haietatik abiatuta sortu zen artearen ikuspegi
fantastikoa, irudimenezkoa.
Jenofanek irudimenezko jarduera gisa definitu zituen poesia, pintura eta eskultura.
Platonek ere imitazioa lotu zion arteari. Haren ustez, imitazio dira artelanak,
eta imitazioa da artelanak sortzeko jarduera ere, artelanek imitatzen
duten munduaren egilearen jarduna imitatzen baitute artistek. Aristotelentzar,
artea ez da errealitatearen isla, izan litekeenarena baizik,
errealitateaz haraindiko zerbaitena, arimarena. Ikuspegi horretatik
definitu zituen pintura, musika, eta poesia.
Erromako tradizioan, apainketarako jarduera zen artea, baina
kristautasunean eta Erdi Aroan gainditu egin zen ikuspegi hori, eta Plotinoren
teoria nagusitu zen, artea edertasunez azaltzen den arimaren imitazio
gisa hartzen duena alegia. Erdi Aroan, artista batek artelana eskuz
(pintura, eskultura, buztingintza eta arkitektura ere bai hein batean)
egiteko, artelan hori agintzen zionak arte liberalak (zientziak) kontuan
hartzen zituela aldarrikatu zuten.
Aro haren amaiera aldera, ordea, kontzeptu berriak agertu ziren,
ordura artekoekin bat ez zetozenak. Arte figuratiboak azaldu ziren, arte
liberalen maila hartu zutenak. Alegoria
baztertu egin zuten, eta sinbolismoa hartu zuten oinarritzat,
artelanaren esanahia lanean bertan dela eta hori besterik esan nahi ez
duela aldarrikatzen duena alegia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario